46 urte ditu Estibaliz Ayarzak, eta Lezokoa da. Oso argi du Arreta Gabeziaren Hiperaktibitate Nahasmendua, bere kasuan behintzat, kalterako izan dela; ‘arazo’ gisa aipatzen du beti: “Txikitan desberdin sentitzen nintzen eta banekien zerbait neukala, baina ez nekien zer. Alferra nintzen amarentzat eta gainerakoentzat, baina ezin nuen ikasi, liburu aurrean jarrita orduak pasata ere, eta min ematen du horrek.
Edo ez nintzen denboraren jabe eta etxera behar baino beranduago iristen nintzenez, errebeldea nintzen”. Horregatik, semeak jokaera eta problema berdinak zituela konturatu bezain pronto, psikologora eraman zuen, ondorio garbirik gabe. Halako batean, duela hamar urte, hiperaktibitateari buruzko erreportajea ikusi zuen telebistan, Gipuzkoako ADAHIGI elkartera gerturatu eta susmoak baieztatu zizkioten: 7 urteko semeak AGHN zuen, eta berak ere bai.
Egun oraindik, eserita egotea kostatzen zaio Ayarzari, edo telebista aurrean lasai jartzea, ezin du liburu luzerik irakurri, galdu egiten delako, albisteak entzun arren batzuetan ez da informazioaz jabetzen, etxean desastre samarra da gauzekin… Nahasmendua betirako dela dio, urteekin kontrolatzen ikasi arren. Elkartean ere asko lagundu diote, bai berari eta bai semeari, eta ezaugarri bereko jendearekin elkartzea oso mesedegarria zaie. ADAHIGIko atea jo zutenean, hamalau kide ziren elkartean, 300 bat dira gaur.
Aholkuren bat gurasoei? “Ume bat ez da alferra berez, arrazoiren bat dago beti atzean (hiperaktibitatea ez bada, ez duela ondo entzuten, edo ez duela behar bezala ikusten…), eta motibo hori aurkitzea funtsezkoa da, nola jokatu erabakitzeko”.